|
Auzo
honetan, oso ondo bereizten diren bi alde azpimarratu behar ditugu:
landa-eremua eta hiria. Txikillo, Erribera eta Berio baserriak atzean
utzi ondoren -hauek hirigunera biltzen baitira-, baserri, errota
zahar, borda eta antzeko eraikinez (Perujaran, Santxotenea, Bekoerrota,
Paraisu, Mendiondo, Igiñiz, Legabide, Aranburu eta beste batzuk)
betetako paisaia batean murgiltzen gara.
Hiriari
dagokionez, esan beharra dago Irungo alde zaharreko parterik handiena
-Jesus, Larretxipi, Kontrakale eta Peña bezalako kaleak barne- Olaberria
auzoan daudela. Peña kalea Jose Peña indianoaren ohoretan eraiki
zuten, honek Irungo Ospitaleko behartsuentzako dirutza bat utzi
baitzuen 1848an. Eliza eta Eskoleta kaleak (duela gutxi arte Junkaleko
eskolak zeuden bertan eta laster Erromatarren Museoa eraikiko dute
orube honetan eta eraikin zaharreko egituraren parte bat aprobetxatuz)
ere Olaberria auzoan daude. Era berean, Olaberrian daude San Martzial
kalea eta Urdanibia plaza (hementxe zegoen antzinako pilotalekua;
ildo honetatik, gogora ekarri behar da 1846. urtean, Bidasoako bi
aldeetako jende ugari bildu zuen partida jokatu zela frontoi horretan.
Kopuru handiko apustuak egin ziren eta Gaskoina pilotari lapurtarraren
izena ospetsu bihurtu zen).
Urdanibian
Plazan Santxo de Urdanibia ospitale zaharra dago, 1651. urtean eraikia
Sancho jaunak eginiko testamentuaren dohaintzari esker. 300 urte
luzetan zehar gaixoei sorospena emateko lekua izan ondoren, era
askotako erabilerak eman zaizkio eraikin honi XX. mendean zehar.
Azkenean, 80. urteetan, Udal Euskaltegiaren egoitza bihurtu zuten.
Arbelaitz
jauregia da auzo honetan dagoen beste eraikin garrantzitsua, izen
bereko familiaren jabetza. Arbelaitz familiako senide batzuk Erregearen
Mezulari Nagusiak izan ziren. Era berean, Espainiako eta atzerriko
beste hainbat noblek jauregi hau izan zuten ostatu Iruna etorri
zirenean. 1936. urtean jauregia erre egin zen eta zenbait urte geroago
berritu egin zuten. Jauregiko zelai zabalak egun Sarjia parkera
biltzen dira, eta parke honen mutur batean oraindik zutik dirau
Urantzu pilotaleku ezagunak.
|



|