|
Izaera
propioa duen beste etxadi bat Elizatxo da, askotan Lapitze osoarekin
nahasten dena. (Elizatxo izena, eliza edo ermita txikia, inguru
hartan zegoen antzinako Santo Kristoko ermitatik datorkio). Hirigune
honetako etxeak 30. hamarraldian eraiki zituzten, etxebizitza familiabakarrak
dira eta Anakako etxebizitzen antzera, Etxe Merkeak edo Lorategi
Hiria Eraikitzeko Kooperatibak eraiki zituen. Kaleetan zehar San
Martzialen oihartzuna iristen zaigu, izan ere, Eusebio Pedrós Alardeko
Jenerala Kaleaz gainera - bereiziki Alardeko jeneralaren paradigma
izan zena - Rataplan, Deskarga, Diana, Jolo, Fajina, ... izeneko
kaleak aurki ditzakegu; guztiak, Irunen, urtero, ekainaren 30a iristean,
entzuten ditugun doinuen izenak.
Larreaundiko
poligonoa ere auzo honetan dago. Izen bereko etxe batek ematen dio
izena Larreaundiri, eta zelai edo larre handia esan nahi du. Auzo
honetako kaleek batez ere santuen izenak daramatzate , hala nola,
San Frantzisko, Loiolako Iñigo, San Isidro Nekazaria, San Ramon,
Santa Margaritako Ospitalea eta Frai Juan de Zigarroa, Jose Alkain,
Leandro Soto eta antzerako erlijio-gizonenak.
San
Juan Harria Plaza ere Lapitzeko auzoan dago, Udaletxea bezala. Eraikina
1756. urtean hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.aren agintaldian,
eta 1763. urtean amaitu zuten, Karlos III.aren agintaldian, Felipe
Crameren proiektuaren arabera.
Plaza
honetan bertan, Udaletxearen aurrez aurre eta Errege-bidearen ertzean,
San Juan Harria eraiki zuten 1564. urtean, nahiz eta monumentuaren
inguruan eztabaida bat edo beste egon zen.
|
  |