|
Bidasoa
dugu, nolabait esateko, hirigunerik ez duen auzo irundar bakarra;
izan ere, gertuago edo urrunago dauden baserriez osatuta dago. Ibaia
alde batera utzirik, Irun-Iruñea errepide nagusia eta Elizondora
iristen zen antzinako trenbidea ziren auzoaren ardatzak. Badira
zenbait hamarraldi burdinbide hau erabiltzeari utzi ziotenetik.
Ibaia
Nafarroarekin muga egiten duen Endarlatsaraino nabigagarria izanik
untzi txikientzako, aberastasun iturria izan da antzinako garaietatik,
bai salerosteko gaien garraio-bidea izateagatik, bai arrain ugari
eskaintzeagatik, batez ere izokinak. Arrain honen izen ona Madrilgo
gorteko mahaietaraino iritsi zen; are gehiago, ibai honetan arrainik
harrapatzerik lortu ez zen urteetan ere, Bidasoako izokina eskaintzen
zen izen handiko jatetxeetan.
Kontrabandoaren
historian ere paper garrantzitsua jokatu du; izan ere, ibaia eta
bere inguruak ondo ezagutzen zituzten pertsonek etekin handia atera
zuten mugaren alde batean edo bestean balio handikoak ziren edo
eskasian zeuden hainbat produkturekin igarotzea lortzen zutenean.
Asko dira kontrabandoaren inguruan kontatzen diren istorioak; gehienetan,
kontrabandoa egiten zuen pertsonaren kemena eta maltzurkeria goraipatzen
dute, baina ezer gutxi esaten dute beren helburua lortu ez zutenei,
jardunean harrapatutakoei eta bertan bizia galdu zutenei buruz.
|
  |