  |
Auzo
honetan dago Faisaien irla, Frantziaren eta Espainiaren jabetza.
Bertan Pirinioetako Bakea sinatu zuten 1659. urtean. Bake hau Felipe
IV.aren alaba Maria Teresa Infantaren eta Luis XIV.aren arteko ezkontzarekin
izenpetu zen.
Beste
ezkontza-ospakizun batzuk ere egin ziren hemen, hala nola, Orleanseko
Maria Luisa eta Karlos II.a 1679. urtean; Maria Ana infanta eta
Orleanseko Luisa Isabel, biak 1722.urtean ezkonduak; Maria Teresa
Antonia, Felipe V.aren alaba, 1745. urtean Frantziako Erregearen
seme zaharrenarekin...
Fernando
Katolikoa erregeak 1512.urtean aginduta, gaztelu edo gotorleku bat
-Gazteluzar- eraiki zuten irlaren aurrez aurre, Bidasoaz gaindi
etor zitezkeen erasoetatik babesteko xedean. 1521. urtean frantsesek
ibaia gainditu eta menpean hartu zuten gaztelua.
Gotorlekuaren
jabetza erdiesteko ahaleginek eragin zuten San Martzialeko gudua
1522. urtekoa; urtero, ekainak 30ean, oso modu berezian ospatzen
da garaipen hau garrantzi handikoa baita irundarrentzat. Gazteluak
urte gutxi eman zituen zutik, Karlos V.a enperadoreak eraikina eraisteko
agindua eman baitzuen; eta, XVIII. mendean berriro ere eraiki zuten
arren, berehala bota zuten handik gutxira. Egun, horma batzuk besterik
ez ditu.
Duela
gutxi, Aranzadi Zientzi Elkarteak indusketa arkeologikoak burutu
ditu gazteluan eta inguruetan, eta aztarna interesgarriak azaldu
dira, artean interpretatzeke daudenak.
1522.
urteko garaipenaren ondoren eta esker onak eskaintzeko xedean, Artigako
Santo Kristo ermita (honez gero desagertua) eta, geroago, San Martzial
- Aldabeko gainean - ermita eraiki zituzten. San Martzialen, aipaturiko
gertakari historikoaz gainera, beste arma-ekintza batzuk gertatu
ziren; besteak beste, Napoleonen inbasioari amaiera eman zion 1813ko
gudua.
|