Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Igandea, 2021 Apirilak 18 Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS Instagram

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Herritarren Parte-hartzea

Berrogeita hamar ekarpen inguru jaso dira San Migeleko Emigrazioako eraikinaren erabilerak definitzeko parte-hartze prozesuan

Estatuak Udalari laga zion, 2019ko maiatzean, San Migel auzoko Emigrazioko eraikin zaharra. Hura birgaitzeko obrekin batera, otsailaren 19tik 28ra, prozesu bat jarri zen martxan Udalaren webgunean, beheko solairuko espazioaren (500m2 baino gehiago) erabilerarako proposamenak jasotzeko. EH Bilduren zuzenketa baten emaitza izan da ekimen hori. COVID-19aren ondoriozko neurriak direla eta, ezin dira egin horrelako prozesuetan ohikoak diren aurrez aurreko bilerak. Horregatik eskaini zen parte hartzeko bide telematikoa.

Herritarren Parte Hartzearen Arloak ostiral honetan jakinarazi duenez, proposamenak bidaltzeko epea itxi arte 57 ekarpen jaso dira, parte hartzeko prozesuko inprimakia bete zuten erabiltzaileek helarazitakoak. Edonola ere, eskaera batzuk ekimenaren xedetik kanpo geratzen dira.

Oinarrietan adierazten zenez, proposamen bideragarriak bildu nahi ziren proiektura bideratutako beheko solairuko 537m2-ko espazio sozialerako. Oinarri horiek betetzen zituzten proposamenen artean, aipatzekoak dira honako hauek: bertara eramatea auzo-elkartearen egoitza, haurtxoko bat irekitzea eta hainbat jarduera eta ekitalditarako espazio zabal bat eskaintzea. Proposamen horiexek hartuko dira kontuan proiektua idazterako orduan.

Gogoan izan behar da herritar guztientzako parte-hartze prozesu honen aurretik Udala San Migeleko auzo-elkartearekin harremanetan jarri zela eta bertatik egindako ekarpenak jaso zituela, auzorako zein hiri osorako erreferentziakoak izango diren ekipamendu publikoen espazio hori zertarako erabiliko den definitzeko. Behin ekarpen horiek guztiak jasota, Obra Arloaren esku geratzen da orain hurrengo urratsa: beheko solairuaren barnealdea egokitzeko proiektua idazteko agintzea, hain zuzen. Datozen hilabeteotan egingo da hori.

Historiaz betetako eraikin bat
Joan den udatik, Emigrazioko eraikina zenaren kanpoko inguratzailea birgaitzeko eta barnealdea garbitzeko lanak egiten ari dira; funtsean, fatxadaren eta estalkiaren egoera hobetzeko. Aurrekontua 547.539,44 eurokoa da, eta obrak 12 hilabete iraungo dituela aurreikusten da.

Egiturari dagokionez, Irungo Udalak bi zati horizontaletan banatu zuen eraikina: batetik, 763,75m2-ko eremu bat (gutxi gorabehera, guztizko azaleraren %16), eta, bestetik, bigarren finka, azalera osoaren %83,98 eta 4.004,25m2-koa. Banaketa horri esker, posible izan da bigarren zati hori lagapenean jasotzea, eta lehenengoan Lanbidek jarraitzea. Udalak azterlan bat aurreratu zuen eraikinaren %84 horretako erabilerak antolatzeko; horren arabera, zuzkidurazko 40 bat apartamentu egingo lirateke, eta auzorako espazio batekin osatuko.

Gogoan izan beharra dago eraikina XX. mendeko Espainiako arkitekturaren maisu Alejandro de la Sotarena dela (Pontevedra, 1913 - Madril, 1996). 1963an eraiki zen, emigranteentzako aterpetxe gisa erabiltzeko, eta 4.768m2 eraiki ditu, lau solairutan banatuta. Duela gutxi arte, Espainiako Enplegu Institutua eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala zeuden bertan, baina eraikinaren zatirik handiena ez zen erabiltzen.
 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52