Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Ostirala, 2021 Martxoak 5 Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS Instagram

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Hezkuntza eta Gazteria

Gazteartean ikerketa bekaren bigarren edizioko emaitzak aurkeztu dituzte

*

Astearte honetan, Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Santi Jiménezek 2019an Gazteartean ikerketa beka irabazi zuen proiektuaren emaitzak ezagutarazi ditu, haur, nerabe eta gazteei buruzko ikerketa sustatzeko ekimenaren bigarren edizioko beka irabazi zuen proiektuaren egileekin batera: Raquel Calvo Pérez irundarra Gizarte Hezkuntzako diplomaduna da, eta esperientzia handia du nerabeekin lan sozioedukatiboa egiteko programetan, eta Itsasne Galardi Ogallar oiartzuarrak Hezkuntza Bereziko irakasle izateko ikasketak egin zituen, eta, egun, Donostiako udal gaztelekuen sareko hezitzailea da.

"Ekimen honen bidez, tokian-tokian gazteriarekin zerikusia duten gaietan ikerketa proiektuak aurrera eramatea bultzatu nahi du Gazteria Zerbitzuak. Bekaren xedea da gorabidean doan ekimenaren garapen autonomoa babestea, gazteen artean ikertze lana sustatzea eta, aldi berean, Udalak eta gazteek elkarrekin lan egiteko ildo berriak irekitzea", azaldu du Santi Jiménezek.

Honako hauek aztertzea izan da "Irungo ikasle nerabeen eta gazteen arteko maitasun harremanei eta sexu jokaeren gaineko ikerketa-ekintza" ikerlanaren helburu nagusia: zer-nola kontsumitzen duten pornografia Irungo ikasle nerabeek eta gazteek; ea pornografia kontsumitzeak eraginik duen haien maitasun harremanetan eta sexu jokaeretan eta, baiezkoan, zer-nolakoa den eragin hori; zein diren sexu jokaerarik ohikoenak; ea harremanik dagoen pornografia kontsumitzearen eta nerabe eta gazteen sexu jokaeren artean; eta zer-nolako sexu heziketa izan duten nerabe eta gazteek.

Helburu espezifikoak, berriz, honako hauek izan dira, besteak beste: aztertzea zer dakiten Irungo nerabe eta gazteek, zer duten sexualitatetzat eta sexu jokaeratzat, nondik heltzen zaien informazioa eta zer-nola aukeratzen duten heltzen zaien informazioa; nerabe eta gazteen jokaera eta jarduerei behatzea; benetako datu kuantitatiboak biltzea, etorkizunean esku hartzeko; jakitea zer bide espezifikotatik heltzen zaien esku artean duten informazioa nerabe eta gazteei; eta genero estereotipoek sortzen dituzten ereduak identifikatzea eta desegiten laguntzea.

Ikerketa-ekintza azterketa metodoaren oinarria parte hartzea da: ikertzen diren subjektuena zein azterketa egiten duten pertsonena. "Normalean talde oso batek dituen kezkak argitzetik sortzen da ikerketa mota hau, eta, beronen bidez, datu kualitatibo zein kuantitatiboak bil ditzakegu", azaldu dute lanaren egileek.

Udalerriko zazpi ikastetxetako 1.000 ikaslek parte hartu dute ikerketan. "Udalerriko ikastetxeetara joan eta ahalik eta gela gehienekin lan egitea izan da gure proposamenaren oinarria. Saioen hasieran, film labur bat ikusi dugu: abiapuntu bat zen, gero ikus-entzunezkoari eta parte hartzaileen arteko harremanei eta berauek ikusten dituzten moduari, sexu gaien gainean jasotako informazioari, pornografia kontsumoari... buruzko galdetegi bat betetzeko".

Azken ondorioak
Lagin osoaren %28,7k pornografia kontsumitzen du, eta ohiko kontsumitzailea gizonezkoa da. Pornografiari buruzko sentsazioak ezberdinak dira identitatearen arabera: atseginagoak dira gizonezkoentzat eta ez-bitarrentzat emakumezkoentzat baino. Ikastetxeetan sexu heziketa osoaren beharra dago, baina, behinik behin, "Beldur barik" programak eta kidekoek indarkeriarik ezean laguntzen dute.

Ikerketaren egileek aditzera eman dutenez, "oro har izandako prestakuntza eskasa, bilatzen duten informazioaren egiazkotasun falta, nerabe eta gazteek galdetegia betetzean zuten sentsazioa eta, batez ere, parte hartzaile askok saioetan egindako zuzeneko eskaerak ikusita, ondorioztatu dugu zenbateraino behar dituzten nerabe eta gazteek sexu heziketari buruzko programa iraunkorrak ikastetxe gehienetan".

Aipatzekoa da Hezkuntza eta Gazteria Arloak gai horietarako zerbitzu bat sortu zuela, Asexorate izenekoa, sexualitateari buruzko zalantzak argitzeko konfiantzazko ingurune bat bermatzeko, Irungo nerabe eta gazteen artean harreman osasungarri eta errespetuzkoak sustatzeko eta udalerriko nerabe eta gazteek beren emozioak kudeatzen ikasteko.

Batez ere, 12 eta 25 urte bitarteko gazteentzat da, eta, gaur egun, online ematen da, Igazte informazio bulegoaren webgunearen bidez, baita aurrez aurre ere, Gaztelekuan, tailer eta jardueren bidez -gaur egun, pandemiaren bilakaeraren arabera antolatzen ari dira-.

Zortzi hilabeteko beka
Gazteartean bekaren zenbatekoa 8.000 eurokoa da, eta ikerketa lana beka esleitu eta zortzi hilabetean egin behar da gehienez ere. Azken emaitza edo entrega hainbat formatutan aurkez daiteke: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgaziozko materiala, lankidetza proiektuak eta/edo parte hartzekoak, etab.). Haur, nerabe eta gazteekin zerikusia duten askotariko gaiez eta askotariko formatuez ari gara. Hau da, kontua ez da ohiko proiektu idatzi bat garatzea soilik; aitzitik, badago gogoetak dokumental, maketa, argitalpen, prozesu edo ekintza baten bidez garatzeko aukera ere.

 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52