NABEGAZIO LAGUNTZAK
Goardiako farmazia
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak araudi berria kaleratu du, zeina urtarrilaren 2an sartu zen indarrean.
Patineteek ezin dute gainditu 25 km/h-ko abiadura, eta gidatzen doazenek ezin dute entzungailurik eraman, ez telefonoz hitz egin.
Gaur goizean, prentsaurreko batean, Udaltzaingoko ordezkariak, Cristina Labordak, eta Mugikortasunekoak, Borja Olazabalek, Udalak herritarrei patinete elektrikoei buruzko araudi berria azaltzeko abiarazi duen kanpainaren berri eman dute. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak kaleratu du araudia, eta urtarrilaren 2an sartu zen indarrean. Araudi berriak ibilgailutzat hartzen ditu patinete elektrikoak, ondorio guztietarako, eta, beraz, zirkulazio arau guztiak bete behar dituzte gidariek, auto eta moto gidariek bezala.
"Beste udalerri batzuetan bezala, patinetearen erabilera handitzen doala ikusten ari gara, eta, orain, Udaltzaingoak badu hirian patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko marko bat. Hemendik aurrera, erabiltzaileek ezingo dute espaloietatik zirkulatu; aitzitik, galtzadatik zirkulatu beharko dute, eta araudiak xedatzen dituen neurri guztiak bete beharko dituzte", zehaztu du Cristina Labordak.
Ordezkariak erantsi duenez, udaltzainak pedagogia lana egiten ari dira aste hauetan, patinete elektrikoen jabeei araudi berria ezagutarazteko, eta, horretarako, intereseko informazio guztia ematen duten flyer batzuk argitaratu dira.
Modeloaren eta diseinuaren arabera, 25 km/h-ko abiaduraz ere ibil daitezke patineteak. Bada, ezin dute zirkulatu espaloietatik, eta debekatuta dago hiriarteko bideetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan eta hiri barruko tuneletan ibil daitezen. Horrela, Irunen adibidez, ezin dira ibili saihesbidetik.
Borja Olazabalek nabarmendu duenez, bestalde, patineteak "garraiobide jasangarriagoa dira, baina, bizikletekin bezala adibidez, beharrezkoa da erabilera antolatzea, ahal den neurrian ez dadin arazorik sor oinez doan jendearekin besteak beste". Alde horretatik, Mugikortasuneko ordezkariak gogorarazi duenez, "espaloiek eta oinezkoentzako guneek oinezkoentzat eta gurpil aulkian mugitzen direnentzat izan behar dute".
Araudi berriaren arabera, patinete elektrikoen gidariek Bide Segurtasunari buruzko Legeak baimentzen dituen gehieneko alkohol tasak bete behar dituzte. Gainera, ezin dute entzungailurik eraman, ez sakelakoa ez beste edozein gailu erabili, eta, gauez, jantzi islatzaileak edo argiztapen sistemak erabili behar dituzte.
Laburpena
- Ezin dute zirkulatu espaloietatik ez oinezkoentzako guneetatik; galtzadatik eta bidegorrietatik bakarrik ibil daitezke.
- Ezin dute gainditu 25 km/h-ko abiadura.
- Gidatzaileek ez dute izan behar gutxieneko adin batekoak.
- Debekatuta dago entzungailuak eramatea.
- Pertsona bat bakarrik joan daiteke patinetean.
- Debekatuta dago gidatzen den bitartean sakelako telefonoa erabiltzea.
- Erabiltzaileek alkohol eta droga probak egiteko betebeharra dute, eta gainontzeko gidariek jasotzen dituzten zigor berak jasoko dituzte.
- Gauez, argiak edo jantzi islatzaileak eraman behar dira.
EUCARIS
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, EUCARISen sartu da. Europako zenbait herrialdek sortutako aplikazio informatiko bat da EUCARIS, eta herrialde kide batek besteetako ibilgailuei, ibilgailu jabeei eta gidabaimenei buruzko informazioa eta datuak eskuratzeko balio du.
Kontsulta egiten duen estatuko auzitegi edo fiskaltzen eskumeneko delituei aurrea hartu eta jazartzea eta horrelako bestelako arau hausteei jazartzea da tresna horren helburua, baita ordena publikoari eustea ere, eta, horregatik, datu baseetan sartzen direnek eta berauek kontsultatzen dituztenek justifikatu egin behar dute. Aplikazioari esker, izugarri arinduko da udaltzainen lana, praktikan berehala lortu ahalko baitituzte Europar Batasuneko edozein ibilgailuren datuak. Irungoa EUCARISen sartzeko baimena lortzen duen Euskadiko lehenengo udaltzaingoa da.
© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52