Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Asteazkena, 2020 Abenduak 2 Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS Instagram

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Hezkuntza eta Gazteria

Adierazpen instituzionala

Azaroak 20 Haurren Egun Unibertsala dela eta udal talde politiko guztien artean adostutako adierazpen Instituzionala:

Hiriek eta erkidegoek funtsezko rola dute beren haurren eta nerabeen eskubideak sustatzean eta gauzatzean. Egoera berezia bizi dugu egun, eta egoera horri gizarte gisa erantzuteko dugun gaitasuna neurtzen ari gara, ez bakarrik COVID-19aren ondoriozko larrialdiari aurre egiteko, baizik eta baita etorkizunean etorriko diren berreskuratze-erronkei aurre egiteko ere, hain zuzen ere guztion artean 2030 Agendari, 17 Garapen Iraunkorreko Helburuei eta Parisko Akordioari eman behar diegun bultzada ziurtatzeko, krisialdi honetatik hobe atera gaitezen, iraunkortasun eta ekitate handiagorekin eta guztiok aurrera egiteko aukera berdinekin.

Inflexio-unea bizi dugu, haurrentzat nahi dugun etorkizuna guztion artean birpentsatzeko unea, garapen iraunkorraren aldeko ekintzen hamarkada hasi berri dugu eta. Egungo haur eta nerabeek ikasi, jolastu, hezi, garatu eta hazteko bitarteko guztiak badituzte, gizarte gisa etorkizunean arrakasta izateko aukera ahalbidetzen ari gara.

Irungo Udalaren aldetik, haur eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa berretsi nahi dugu bidezkoagoa, zuzenagoa eta iraunkorragoa den etorkizun bat bermatzeko. Horrexegatik, honako xede hauek dituzten neurriak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu:

  • Krisialdiari erantzuteko eta bertatik ateratzeko xedearekin Erakunde honek hartzen dituen eta haur eta nerabeengan eragina duten erabaki guztietan Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren ardatz diren printzipioak aintzat hartuko dira: hau da, haurraren interes gorena; bizitzeko, bizirauteko eta garapenerako eskubidea; parte hartzeko eta bereizkeriarik ez pairatzeko eskubidea.
  • Tokiko gobernuaren arlo guztiek haurren eskubideen bultzatzean parte hartuko dute. Egungo edota etorkizuneko Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planaren helburuak partekatuak izan daitezen eta ekintzak era koordinatuan gauza daitezen udalbatza honen baitan. 
  • COVID-19ak gure udalerriko haur eta nerabeengan izan duen eragina aztertuko dugu, gizarte-egoera ahulenean dauden horiengan bereziki, eta horren ostean, Haur eta Nerabeentzako tokiko Ekintza-plana egokituko dugu. 
  • Beren mende adingabeak dituzten familiek jasotzen dituzten gizarte-larrialdietarako laguntzak indartuko ditugu. Gizarte-egoera ahulenean dauden familiek lehentasuna izango dute. 
  • Eskola uzteko arriskuan dauden haurrak, desgaitasunen bat dutenak edo arrakala digitala pairatzen duten haurrak xede dituzten hezkuntza-programak indartuko ditugu. 
  • Euskara arrakala duten haurrentzat hezkuntza-programak indartuko ditugu eta euskaraz bizitzeko arnasguneak eskaini. 
  • Iraunkortasunaren eta haurren aldeko ikuspegia hiria antolatzeko eta mugikortasunaren arloko estrategietan txertatuko dugu
  • Gure hiria kirola eta jolasa bultzatzen dituen espazioa bilakatuko dugu
  • Ingurumenaren babesa eta zaintza, kutsadurarik gabeko berdegune osasuntsuen erabilera eta aire zabalean eta naturan gauzatutako jardueren garapena bultzatuko ditugu.
  • Babesguneak sortuko ditugu (ludotekak, gazteguneak, kirol zentroa, kanpalekuak, etab.), non haurrek beren emozioak ulertzen, partekatzen eta kudeatzen ikasiko duten eta indarkeria mota guztien aurrean babesteko protokoloak aurkituko dituzten.
  • Etxebizitza eta bizitegi-alternatiba duinak eskainiko ditugu, familien tamaina eta egoeretara egokituta. Jolastu, mugitu eta sozializatzeko espazio komunak izango dituzte. 
  • Bitartekoak jarriko ditugu familien esku, gurasotasun positiboa sustatu eta familian gauzaturiko jarduerak errazteko.
  • Haur eta nerabeen parte-hartzea bultzatuko dugu tokiko erabakietan, bai eta haur eta nerabeen arteko harremanak sustatzen dituzten arlo guztietan (kirol-zentroak, liburutegiak, ludotekak, etab.).

Neurri horien guztien eskutik, gertuago egongo gara gure udalerriko herritarrengandik eta beren beharrengandik, eta haurtzaroa COVID-19aren krisia gainditzeko eta krisi horretatik ateratzeko estrategiaren erdi-erdian kokatuko dugu. Aldi berean, Agenda 2030 ekimenak datozen 10 urteetarako ezarri dizkigun helburuak lortzeko gure konpromisoa sendotu egingo dugu ere.

Gaur, 2020ko azaroaren 20 honetan, gure haur eta nerabeekin eta gure udalerriaren, Irunen, etorkizunarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, inor ez dadin atzean gelditu.

 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52