Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Larunbata, 2019 Irailak 21 Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS Instagram

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Kultura

Irun Zuzenean motorrak berotzen

 

 

Kartela ezagutu eta egun gutxira, Green Valley taldearen kontzertua baieztatu du Kultura arloak irailaren 27rako, jaialdiaren bezperan

 

Espainiako reggae talde garrantzitsuenetako bat da eta talde bozkatuena izan zen sanmartzialetan jotzeko; azkenean ezin izan zuten jo, agenda-kontuengatik

 

            Kultur agenda banatuko den honetan, asteburu honetan egongo da kalean, hileko hitzordu garrantzitsuenetako bat baieztatu du Kultura arloak. Irailaren 27an, Irun Zuzenean jaialdiaren bezperan, Green Valley taldeak joko du Irunen. Talderik bozkatuena izan zen 2019ko San Pedro eta San Martzial jaietara etortzeko, baina, azkenean, ezin izan zuten jo, agenda-kontuengatik.

 

"Musika alorreko sorpresetako bat da, horretan ilusio handiz lan egin ondoren", adierazi du Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak. "Green Valley taldea ekainean ezin zela etorri Irunera jakin bezain laster, esan genuen beste egun batean ekartzeko lan egingo genuela, irundarrek boto gehien eman baitzioten sanmartzialetan jotzeko. Horregatik, oso berezia da Green Valley taldearen kontzertu hau; egun on bat aurkitu dugu bi aldeontzat; parte hartzeko prozesuko emaitza bete dugu, talde bozkatuena ekarriz, eta, gainera, Irun Zuzenean jaialdiaren bezperan ekarri dugu, musika alorreko apustu nagusiaren bezperan alegia.

 

Espainiako reggae musikako talderik garrantzitsuenetako bat da Green Valley, eta jarraitzaile gehien dituena musika-mota honen zaleen artean.   Bere album berria atera eta hilabete gutxira datoz Irunera, eta Espainiako leku askotan joz egiten ari diren biraren erdian. 22:00etan hasiko da kontzertua, Urdanibia plazan, eta bertako Ras Miguel & Tafari Band taldeak joko du hasieran.

 

Abizenak erakusten du taldearen izena: Bailara berde eta oparo bat; ingurune zoriontsu bat. Sei musikari arabar eta kataluniar jo ta ke ari dira lanean 2004tik, musika-ekosistema txiki hori kontserbatzeko, non Reggae-a eta Dancehall-a hazten diren. Green Valley-n, eszenaratze ikaragarriaz gainera, aldarrikapenezko hitzak eta mezu positiboak nahasten dira, entzuleak kutsatu eta kontzientziatzeko.

 

Bere lehenengo kontzertuen ondoren, oso harrera ona izan zuten jendearen aldetik, taldeak kokalekua aldatu zuen (Gasteiztik Bartzelonara), beren musika beste eszenatoki batzuetara zabaltzeko eta beren birekin Espainia osoan barrena ibiltzeko. Urtetako lan metodikoaren ondoren, 'En tus Manos' (2010) sortu zen; Reggae, Roots eta Dancehall musikaz kargatutako lehenengo diskoa. Horretan, kanta batzuen sakontasuna nabarmendu zen: 'Los sueños', 'Relaja' edo la 'Jungla'. Lehenengo kimu berde haietatik, oso azkar eboluzionatu dute, eta kritika espezializatuen arreta jaso ere bai.

 

'La voz del pueblo' (2012) eta 'Hijos de la tierra' (2014) kantekin, mugak ireki zituen taldeak, eta arrakasta handiz ibili ziren Espainia osoan, jaialdi sonatuetan, hala nola Viña Rock-en, Arenal Sound-en, Weekend Beach-en, Rototom Sunsplash-en eta beste herrialde batzuetako jaialdi sendoetan ere bai [Jamming Festival (Bogota) Colombia; o Reggae Live Festival, Mexico DF]. 2015eko amaiera aldera, loratze hori berretsi zuten Argentinako eta Txileko emanaldiek.

 

'Ahora' (2016ko martxoa) da taldeak eskaintzen digun hurrengo estudio-lana. Udaberriko fruitu bat, disko-itxuran, mezuak taupadaka eta mugak irekitzen jarraitu dezan. 2019an, 'Bajo la Piel' diskoa argitaratu berri dute.

 

Irun Zuzenean jaialdiaren bezpera

Baieztapena Irun Zuzenean jaialdiaren kartela ezagutu eta egun gutxira gertatu da. Duela aste batzuk hala zabaldu zenez, noski, jaialdia Urdanibia plazan egingo da irailaren 28an. "Teknikoki kartelean agertzen ez bada ere, Green Valley taldearen kontzertua eta Irun Zuzenean elkartzen baditugu asteburu berean, azken batean jaialdi indartsuago bat daukagu, zeren larunbateko kontzertu-jardunaldiari 'luxuzko aperitiboa' gehitzen diogu, zaporea hartzen hasteko", gaineratu dute Kultura arlotik.

 

Irun Zuzenean jaialdiari buruz, azkeneko kontuak amaitzen ari dira, eta datorren astean aurkeztuko dira xehetasun guztiak. Gogorarazi behar da formatu zabala izango duela; izan ere, estilo askotariko musika bilduko du egun osoan, hiru eszenatokitan, eta kartel-buruek eta bertako taldeek joko dute, eta jarduera osagarriak ere egingo dira egun osoan. Jarduera horien artean, artisautzako azoka txiki bat egingo da, eta dohainik eman ahal izango da izena. Horren berri gehiago izango da aurki web orri honetan: https://www.mercadabadillo.com/

 

 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52