Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Larunbata, 2019 Irailak 21 Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS Instagram

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Ingurugiroa

Hirian eguzki plakak instalatzea zenbateraino den bideragarria etxetik ikusteko tresna bat garatu du Irungo Udalak

 

 

Aplikazioa kontsultatzeko moduan dago jadanik, udal webgunean, eta aurtengo apirilean energia berriztagarrien inguruan ezagutarazitako azterketa baten ondorioak jasotzen ditu.

 

Neurri honen bidez, eguzki energiaren ezarpena sustatu nahi da, eta herritar eta enpresei orientabidea eman.

 

            Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek, Arloko teknikari Maider Basurtok eta Jonathan Gragirenak lagunduta, Irungo Udalaren tresna berri bat aurkeztu du gaur: energia berriztagarriek Irunen duten potentzialaren inguruan apirilean ezagutarazitako azterketa baten informazioa udal webgunean (alegia, etxetik kontsultatzeko moduan) jasotzeko berritasun teknologiko bat.

 

Borja Olazabalek azaldu duenez, "hiriak urte asko darama herritarren bizi kalitatea hobetzeko lan egiten eta, horretarako, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko neurriak hartzen, eta, laster, beste pauso bat emango dugu klima aldaketaren kontrako borrokan, Irun klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko estrategia berri bat zehaztuta eta haren barruan neurriak hartuta".

 

Aipatutako azterketatik ateratako informazioa eta ondorioak modu praktikoagoan ezagutarazteko, Udalak bisore bat garatu du, dagoeneko webgunean eskuragarri dagoena, azterketaren informazio nagusia iraulita: Irungo hirigunean eguzki plaka fotovoltaikoak instalatzea zenbateraino den bideragarria jakiteko datuak.

 

Maider Basurtok gogorarazi duenez, apirileko azterketak bi energia iturri berriztagarriren potentziala aztertu zuen: biomasarena eta eguzki energia fotovoltaikoarena. "Eguzki energia fotovoltaikoari dagokionez, azterketak ondorio hau atera zuen azkenean: Irungo guztizko elektrizitate eskaria kontuan izanik, urteko balantze garbiari dagokionez, Irungo eraikin parkeak eskatzen duen energia elektrikoaren % 25 inguru eguzki energia erabiliz hornitu daiteke, eta, industriako teilatuak ere baliatzen badira, Irungo eraikinek eskatzen duten elektrizitatearen % 45 inguru ere".

 

Udalaren helburua eguzki energia fotovoltaikoa ezar dadin sustatzea da, eta, tresna honi esker, herritarrek eta enpresa instalatzaileek aurrez jakin ahalko dute zenbat energia eskatzen duen eraikin bakoitzak, baita eraikin bakoitzean eguzki erradiazioa 1.100 kWh/m2-koa den azalera ere ?horixe da instalazioa eta inbertsioa bideragarriak izatea ziurtatzeko gutxieneko erradiazioa?. 

 

Nola funtzionatzen du?

Bisorean sartu, eta Irungo hiriguneko planoa azalduko da. Eskuinaldean, erakusteko aktiba edo desaktiba daitezkeen geruzen zerrenda azaltzen da, informazio gehiago edo gutxiago ikusi nahiko bagenu. Plano lehenetsiak aktibatuta dakartza geruza guztiak, eta, hortaz, eskuragarri dagoen informazio guztia erakusten du. Hain zuzen ere, informazio hau ematen du: 

 

-       Eguzki erradiazioaren datuak. Erradiazioa urtean 1.100 kWh/m2 baino handiagoa den pixeletako erradiazioa adierazten dute.

 

-       Energia eskaria* (kWh urtean). Eraikin osoaren energia eskaria adierazten du, eta, kalkulua egiteko, datu hauek hartu dira abiapuntutzat: Irungo eraikin bakoitzaren erabilerak eta ezaugarri nagusiak (eraikuntza urtea, babes maila, etab.).

 

-       Energia eskaria metro karratuko* (kWh/m2 urtean). Metro karratuko energia eskaria adierazten du.

 

-       Erabilera bakoitzerako energia eskaria* (kWh urtean). Azkenean energia nola erabiltzen den adierazten du.

 

-       Berokuntzarako eskaria

 

-       Hozketarako eskaria

 

-       Etxeko ur berorako eskaria

 

-       Argiztapenerako eskaria

 

-       Ekipamendurako eskaria

 

-       Eguzki plakak jartzeko erabil daitekeen azalera (m2). Adierazten du teilatuko zenbat metro karratutan den erradiazioa urtean 1.100 kWh/m2 baino handiagoa.

 

Informazio horri esker, jakin daiteke zenbateraino den bideragarria eguzki plakak instalatzea bizitegitarako eraikin bakoitzean. Aplikazioak adierazten du zer azalera erabil daitekeen eguzki plakak jartzeko teilatuan, inbertsioa bideragarria izatea ziurtatzeko gutxieneko erradiazioa kontuan izanda, eta eraikin bakoitzak eskatzen duen energiaren zer ehuneko hornitu daitekeen energia berriztagarriak erabiliz.

 

Tresna honen bidez, energia berriztagarriak erabiltzea sustatu nahi da, funtsezkoa baita klima aldaketa arintzeko, eta, horretarako, hiri kontzeptua aldatzen da: teilatuek estalki huts izateari uzten diote, eta energia ekoizteko iturri bihurtzen dira.

 

 

Garatutako tresna sakonkiago ezagutzeko informazio praktikoa ere ematen du webguneak. Adibidez, zera jakinarazten du: balia daitekeen eguzki erradiazioaren % 100 ustiatzeko, 36 º makurtuta eta hegoaldera begira jarri behar dira panelak; izan ere, beste makurdura angelu bat eta beste norabide bat aukeratzen badira, eguzki panelek efizientzia galtzen dute, eta, horregatik, errorea minimizatzeko, urteko 1.100 kWh/m2-ko gutxieneko erradiazioa jarri da atalasetzat, iparraldera eta mendebaldera begira dauden isurialdeak baztertuta, galera faktore handia bailirateke. Era berean, tresnari esker, zenbat energia ekoitz daitekeen jakin daiteke (250 Wp, potentzia estandarra), edo kalkulatu zenbat eguzki plaka instala daitezkeen kasuan-kasuan erabilgarri dagoen azaleraren arabera.

 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52