Ayuntamiento de Irun: Irun.org

NABEGAZIO LAGUNTZAK

Edukinara salto egin

Irunen bizi

Zure zerbitzura

Irun ezagutu

Zure udaletxea

Irungo Udalaren logotipoa
Larunbata, 2017 Urriak 21 Txantxangorri Eguraldia kontsultatu Kale Izendegia Twitter Youtube RSS

Goardiako farmazia

Irungo Udalaren logotipoa

Gaur Irunen

Gizarte Ongizatea

"Energia-pobretasuna Euskadin: neurriak eta jarduera egokiak" jardunaldia Irunen


Arartekoak eta Irungo Udalak aztertzeko eta eztabaidatzeko jardunaldi bat antolatu dute urriaren 26rako Ficoban (Irun), gai hau oinarri hartuta: "Energia-pobretasuna Euskadin: neurriak eta jarduera egokiak ".

 

Jardunaldiaren helburua hauxe da: energia-pobretasunaren ezagutzan sakontzea, arazo horri erantzuteko onartzen ari diren neurriak eta esperientziak ezagutarazi eta eztabaidatzeko gune bat jartzea, eta arlo horretan erakundeak lankidetzan aritzeko bidea erraztea.

 

Egunean barrena, hainbat hizlarik gai hauek eztabaidatuko dituzte: enpresek zer-nolako erantzukizuna duten gizartearen aurrean energia-pobretasunaren gertaerari aurre egiteko orduan; kontsumitzaile kalteberenak babesteko neurriak euskal botere publikoen jarduera-eremuan; beste proposamen edo zuzeneko neurri batzuk energia-pobretasunaren ondorioak arintzeko.

 

Iaz, Ararteko erakundeari egokia iruditu zitzaion gogoeta sakona egitea gure erkidegoan energia-pobretasuna ezagutarazteko eta prebenitzeko. Helburu hori gogoan, gomendio orokor hau egin zuen: Euskadiko energia-pobretasunari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak.

 

Gomendio hartan, Arartekoak zenbait proposamen egin zizkien euskal administrazioei, orain dauden politika publikoei eta gizarte-ekimenei beste helburu bat gehitu diezaieten: energia-pobretasunaren ondorioak gutxitu eta arintzea, gure autonomia erkidegoko milaka herritarrei eragiten baitie.

Jardunaldira etorri nahi dutenak Arartekoarekin harremanetan jar daitezke helbide honetan: jardunaldiak@ararteko.eus.

 

 

 

 

Irun, erreferentea

 

Jardunaldiaren irekieran parte hartuko du José Antonio Santano Irungo alkateak, eta azpimarratu duenez, "Irunen oso sentiberak izan nahi dugu gai horiekin, eta horren adierazgarri dira bi enpresarekin sinatu berri ditugun hitzarmenak. Hitzarmen horien bidez, aukera ematen da, alde batetik, Irungo bizilagun behartsuenek elektrizitatea etenik gabe jaso dezaten ziurtatzeko eta, bigarrenik, pertsonak horiek udaleko gizarte-zerbitzuen laguntza izateko gastu horiei aurre egin diezaieten, betiere kasu horietan erabilgarri dauden prestazio ekonomikoen arabera".

 

Xehetasunez esanda, Irungo Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Iberdrolarekin 2016ko urriaren 3an, eta lehenengo euskal udala bihurtu da, hiru hiriburuen ondoren, konpromiso hori berresten. Izan ere, EDP konpainiarekin ere sinatu zuen maiatzaren 8an. Bi kasuetan, helburua da gas eta argia ez moztea ahulezia-kasu berezietan daudenei, edo energia zerbitzua berriz ezartzea etena gertatu bada. Ekimen horiek, era berean, Irungo Udalak eta bere gizarte-zerbitzuek duten konpromisoaren esparruan egiten dira, konpromisoa hartuta baitu, hain zuzen, udalerrian zaurgarritasun-egoera larrienean dauden pertsonei laguntzeko eta haiengandik hurbil egoteko.

 

Urriaren 26ko jardunaldiaren programa eskuragarri dago udalaren webean eta Arartekoren orrian: www.ararteko.net

Esteka erlazionatuak

 

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun
SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52

© Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - www.irun.org - SAC. Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52