NABEGAZIO LAGUNTZAK

120 udalerri inguruk hartuko du parte, ohikoa den bezala, irailaren 16-22 bitartean ospatzen den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteko 2009ko edizioan. "Hobetu zure hiriko klima" lelopean, Javier Cia, Ingurumeneko zinegotziaren hitzetan, "Udalak autoaren erabilera irrazionalak eragiten dituen inpaktuen inguruan informatu eta sentsibilizatzeko asmoa izateaz gain, ingurumenarekiko begirune handiagoa duten mugitzeko moduak sustatu nahi ditu, hala nola; garraio publikoa, bizikleta edo oinez egiten diren joan-etorriak."
Gaurtik, Irailaren 16tik 22ra bitartean , mugikortasunari buruzko irratsaioa antolatu da. Irrati esatariak mugikortasunarekin eta Klima Aldaketarekin erlazionatutako hainbat galdera botako ditu, eta zuzen erantzuten duten parte hartzaileen artean, Lurraldebus garraio publiko zerbitzua erabiltzeko baleak zozketatuko dira. Azken egunean, zuzen erantzun duten irrati entzuleen artean, hirian barrena mugitzeko bizikleta tolesgarri bat zozketatuko da.
Era berean, berotegi efektuko gasen emisioa murriztu eta Lurreko tenperaturaren goranzko joera ekidin asmoz, guztiok elkarlanean jardun behar dugula ikusita, Udalak herritarrei zuzendutako Klima Aldaketaren aurrean ekin izeneko gida zintzilikatu du udal web gunean Gida honetan herritarrek, modu errazean, energiaren, mugikortasunaren, hondakinen eta bestelako ingurumen esparruen inguruko aholkuak aurkituko dituzte, eta atmosferara igortzen ditugun isuriak murrizteaz gain, natura baliabideen aurrezpen eta erabilpen arduratsua eginez dirua nola aurreztu, edo gure burua osasuntsu mantentzeko zenbait praktika egoki ikasi ere bai.
Honetaz gain, eskoletako ikasleek ere kanpaina honetan parte hartuko dute. Udaltzaingoaren babesarekin, La Salle San Marcial ikastetxeko lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek Eskola Bideak izeneko esperientzia abiaraziko dute.
Ekimen honen bitartez, ikasleak eskolara oinez eta modu seguruan joatea bermatu nahi da, eta paraleloki, ordu zehatzetan (eskolara sartu eta irtetean) sortzen den trafiko astuna gutxitu eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murriztea. (honi buruz informazio gehiago emango dugu)
Baina hau ez da Irungo eskolek aurrera eramango duten ekimen bakarra. 2009/2010 ikasturtean, herriko hamar ikastetxek mugikortasuna landuko dute Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Hezkuntza programa honek hezkuntza komunitatean (ikasleak, irakasleak, gurasoak eta irakasleak ez diren langileak) iraunkortasun irizpideak txertatzea eta kultura partehartzailea sustatzea du helburu. Programarekin bat egiten duten ikastetxeek urtero gai bat hautatu eta eskolako esparru guztietan lantzen dute. Ikasturte amaieran, eskola bakoitzeko ikasle ordezkariek udal agintariei egindako lanaren berri ematen, eskolak bere gain hartutako konpromisoak aurkeztu eta Udalari egindako hobekuntza proposamenak azaltzen dituzte. Honenbestez, 2009-2010 ikasturtean zehar ( herriko ikastetxeek Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten seigarren urtea litzateke) Irungo 10 hezkuntza zentrok (orotara 4.410 ikasle) mugikortasunaren gaia jorratuko dute.
Azkenik aipatu beharra dago, irailaren 23an udal langileek hirugarrenez parte hartuko dutela Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako modu eraginkorrean gidatzen ikasteko ikastaroan. Lau orduko iraupena duen ikastaro hau laneko eguneroko joan-etorrietan autoa erabiltzera behartuta dauden udal langileriari zuzendua dago (Udaltzaingoa, basozainak, etab.). Udal langileriaz gain, Autobuses Urbanos de Irun Fuenterrabia (AUIF) eta etxe hondakinak jasotzen dituzten langileei zuzendu zaie ikastaroan parte hartzeko gonbidapena. Ikastaroaren helburua %15eko erregai aurrezpena lor diezaguketen gidatzeko ohitura egokiak hartzea da. Modu honetan, energia aurreztea eta atmosferara gas kaltegarri eta kutsakorren isurpenak murriztea lortzeaz gain, Klima Aldaketari aurre eginez, gure herriko aire kalitatea hobetuz eta dirua aurreztuz.
Ekimen hauekin guztiekin, Udalak mugikortasun iraunkorrago bat bultzatu nahi du, natura eta gure ingurunearekiko begirunea duena, oinezko eta txirrindularientzako guneak baimentzen dituena, giro atsegin batean biziz, honela, planetari eragiten dizkiogun kalteak murriztu eta Klima Aldaketa geldiarazteko.