Saltar al contenido

  

Liburutegiaren Eguna, urriak 24

LiburutegienEguna_kartel

Ospakizun hau liburutegiaren garrantzia jendarteari gogorarazteko jaio zen, adin guztietako irakurleen eta kulturaren arteko topagune gisa, eta formakuntzarako zein herritar guztien arteko elkarbizitzarako tresna modura. Urtero ospe handiko idazle eta ilustratzaile banari liburutegi guztietara bidaltzen den pregoia idazteko eta kartela diseinatzeko enkargua egiten zaie.

Aurten aukeratutako sortzaileak Gemma Pasqual idazlea eta Miguel Calatayud ilustratzailea izan dira.

PREGOIA

IPUINIK GABEKO NESKA

Ez zuen printzesa izan nahi, ez zuen nahi printze urdin batek aska zezan. Ez zuen nahi printze baten musuak bizitza itzultzea, ez haurren esplotaziotik salbatzea ere; ez zuen nahi zazpi ipotxen etxean ezkutatu eta beren neskamea izatea printze batek erreskatatu arte. Ez zen bere ahotsari uko egiteko gai mutil baten maitasunagatik, eta ez zuen espero San Jorgek dragoiarengandik salbatzerik. Lotara edo isiltasunera kondenatutako printzesa nobleak, amaorde, aita edo maitagarri baten aginduz.

Hala, bere zapata gorriak jantzi eta bere ipuinetik alde egin zuen, korrika eta korrika aritu zen babesleku bila, ipuinik gabeko neska bihurtuta. Ipuinik gabeko neska zen, paperik gabekoa, ez zuten inon ere nahi.
Intxaur oskol batean nabigatu zuen Letren Itsasoan zehar, eta galdu egin zen. Korrontearen aurka igeri egiten zuen, esaldien olatu bortitzek itotzen zuten, eta amore eman zuenean, bat-batean, Pippi Långstrump kapitainak salbatu zuen. Neskatila askea, eskuzabala, inoiz ere aspertzen ez zena eta helduen arrazonamendua zalantzan jartzen ausartzen zena. Matildarekin batera, letren itsasoan nabigatzen ari zen, ipuin hobe baten bila itsasoa gurutzatzen saiatzen ziren pertsonaia guztiak erreskatatzeko. Justiziaren eta ahulenak babesteko betebeharraren zentzua oso barneratuta zuten heroiak.

Azkenik, estuasun ugari igaro ostean, portu seguru batera iritsi ziren, Liburutegiaren Portura; Borgesek aipatu zien paradisura, hain zuzen. Urperatutako altxorrez betetako lekua, Virginia Woolfek kontatu bezala; unibertsoko txokorik urrunenetara eramango zuen espazio-ontzia; urruneko iraganera eta urrutiko etorkizunera eramango zuen denbora makina; bizitza hobe, alai eta baliagarriago baterako irteera, Isaac Asimovek azaldu zion moduan. Leku horretan ez zuen printzesa izan beharrik ipuin guztietako protagonista izateko.

Luzaroan beude liburutegiak, guztion babeslekuak, baita ipuinik gabeenak ere, libururik gabeenak, paperik gabeenak, printzesa izan nahi ez duten neskatilenak eta heroi izan nahi ez duten mutikoenak. Beude luzaroan liburuzainak, paradisuko zaindariak, denbora makinenak eta altxor handienak, liburuak kasu.


*Euskarazko bertsioa: Getxoko Liburutegiak



 

itzuli

 
Biblioteca Municipal de Irun - Irungo Udal Liburutegia - Tel. 943 505 421 biblioteca@irun.org