| |
| |
Udal Artxiboan
dagoen dokumentazioa liburuaren eta
espedientearen formatoetan aurkezten da nagusiki.
Liburuaren formatoa duten dokumentu gehienak
Udalbatzaren Osoko Bilkuren, Udal Gobernu Batzorde Iraunkorren
eta Batzarren Akta-Liburuak dira. Liburuaren formatoan
aurki daitekeen beste dokumentu bat Irungo Hiria Hondarribiko
Jurisdizkzio Zibil eta Kriminaletik Bereizteko Errege Zedula
da, 1766. urtekoa, herriaren
historiarentzat dokumentu garrantzitsua benetan.
Espedientea,
berriz, dokumentu multzo ordenatua
da (akordioak, frogak, jakinarazpenak, diktamenak.), eta espediente
horiek aurrekari eta oinarri gisa erabiltzen dira erabaki administratiboak
hartzeko. Era askotako espedienteak daude Artxiboan:
pertsonalak, obren, kontratazioen, desjabetzeen, feria eta azoken
espedienteak. Dokumentu horiek
kutxetan eta paper-sortetan (ehunezko lokarriez lotutako
dokumentu-multzoak) biltzen dira, eta Artxiboko deposituetako
apalategietan daude.
|
|
|
Paleografia
Artxibogintzarako zientzia lagungarria da eta antzinako
letren azterketaz arduratzen den. Era askotakoak dira
mendeetan zehar erabilitako idazkera-motak. Ezagunen artean daude
diplomatikoa, prozesala, karolina, untziala,
bisigotikoa, gotikoa eta etzana, historiaren une bakoitzeko
beharrak asetzeko sortuak.
Udal Artxiboaren
Fondo Historikoa batez ere XVIII., XIX.
eta XX. mendeetako dokumentazioaz osatuta dago, eta
dokumentazio hori nagusiki letra prozesalarekin idatzia dago.
Letra-mota honen modalitateen artean, aipagarri dira, jatorrizko
prozesala, biribildutako prozesala, italikaren eraginpeko prozesala
eta kateaturiko prozesala. Fondo Historikoan
badira horiek baino lehenagoko dokumentuak
ere, XIV. eta XVII. mende
artekoak. Hauek beste letra-mota batean idatzita daude,
nagusiki gotikoa eta gortekoa. Gaztelako letra gotiko biribilaren
adibide bat Hondarribiarekin hainbat mendiren jabetzaren inguruan
pizturiko Auziari buruzko Errege Erabakian ageri dena da (1542).
|
|
|
 |
Mendeen
joanean bilakaera handia ezagutu dute idazteko euskarri-motek.
Erabili diren materialen artean
egur eta zeramika-puskak daude lehenengo, argizarizko tabletak,
papiroa, pergaminoa eta papera gero, eta euskarri informatiko
berriak azkenik. Udal Artxiboan dauden dokumentu
gehienak paperean daude. Papera egiteko prozesuak aldatu egin
dira urteetan zehar. Paperak Txinan
du jatorria eta nagusiki zatar eta landare-substantzia
haritsuez egina zegoen. Arabiarrek ekarri zuten papera Europara.
Artxiboan badira, bestalde, pergaminoan idatziriko dokumentu
batzuk ere. Pergamino horiek animalien
larruez eginak dira (ileak kenduta), larrua ondu
gabe edo azaletik ondua dute, tentsioan edukita idortu dira,
eta nagusiki Erdi Aroan erabiltzen zen. Pergaminoa egiteko animalien
larruak erabiltzen dira (ahuntza, txahala, aharia edo kalitate
txarragokoa, txerria edo behia), eta larru horiei tratamendu-prozesu
luze bat ematen zaie (uretan busti, karea bota, ilea behin eta
berriz moztu, bastidoreetan idortu.).
|
|
|
|