Exposición Mundial

Aurten, gure hiria izango da Espainiako Itzuliaren abiapuntua. Arrazoi asko direla medio, historikoa izango da edizio hau; besteak beste, pandemiak ibilbidea aldatzera behartu duelako, hain zuzen ere: berez, Herbehereetan izatekoa zen irteera ofiziala, baina Euskadin izango da azkenean. Badira ia bost hamarkada Espainiako Itzulia ez zela Euskadin hasten.

Zehazki, 1961ean gertatu zen hori azkenekoz: orduan, txirrindulariek Gipuzkoako hiriburuan eman zituzten lehen pedalkadak, taldekako erlojupeko etapa batean, Donostiatik bertatik abiatuta eta leku berean bukatuta. Oraingoan, berriz, Irun eta Arrateko santutegia (Eibar) lotuko ditu lehenengo etapak, linean.

Lehenengo hiru etapak Herbehereetako bi eskualderen artean jokatzekoak ziren, Utrecht eta Ipar Brabante artean, baina bertan behera geratu dira. Bada, horrexek markatuko du Espainiako Itzuliaren 75. edizioa, 35 urtetan lehenengo aldia izango baita 21 etapa baino gutxiago jokatzen direla. Azken aldia 1985ean izan zen: orduan, 19 etapa egin zituzten txirrindulariek.

Azken hilabeteetan gertatutako guztia ohiz kanpokoa izan da, baita Espainiako Itzuliaren antolaketa ere. “Argi dago lasterketa diseinatzen dugunean ez dugula espero hain aldaketa handiak egin behar izatea, oso konplexua baita irteera ofiziala ordeztea; izan ere, irteerak plangintza instituzional eta logistiko handia dakar berekin”, azaldu du Espainiako Itzuliko zuzendari Javier Guillének.

Praktikan, laugarren etaparen abiapuntua izan behar zuen Irunek, abuztuaren 18an, eta, azkenean, lasterketa osoaren abiapuntua izango da, urriaren 20an. Pandemiak ekarritako murrizketek hirian eratutako lantaldea ere baldintzatu dute, zeina Kirol eta Mugikortasun arloetako eta Udaltzaingoko (Trafikoko) arduradunek, Bidasoa bizirik-eko eta Ficobako ordezkariek, Iñigo Lavado sukaldariak, Irungo Txirrindulari Elkarteko kideek eta Juanma Garate irundar txirrindulari ohiak osatzen duten.